I. Atala. Ararteko erakundearen jarduera kopurutan
1. Oharrak eta datu orokorrak
2. Arreta zuzeneko bulegoen jarduera (bisitak eta telefono bidezko kontsultak)
1. Hizkuntz eskubideak eta kultura
2. Hezkuntza
3. Ogasuna
4. Herrizaingoa
7. Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak
8. Jarduera ekonomikoaren antolamendua
9. Herri-administrazioen zerbitzuko langileak
10. Animaliak babestea eta edukitzea
11.?Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak
14. Lana eta gizarte segurantza
15. Hirigintza eta lurralde antolamendua
16. Etxebizitza
III. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
5. Espetxeratuak
7. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
8. Etorkinak
9. Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
10. Adinekoak
11. Talde terroristen biktimak
7. Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak (testu osoa web orrian)
VII. Atala. Arartekoaren berrikuntza jarduerak
10. Atala. Ondorioak Oinarrizko eskubideen eta askatasunen egoeraEuskadin, admnistrazioaren jardueraren arabera
2. 2010. Urtean egindako txosten bereziak
2010. urtean aurrerapenak egin dira hainbat txosten berezi prestatzen:
- Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoak duen irisgarritasunari buruzko txosten berezia.
- Arrisku egoera berezietan dauden adingabeen gaineko txostena.
- Abenduaren 14ko 39/2006 Legea aplikatzearekin lotura duen txostena. Lege hori norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeari buruzkoa da.
Txosten horiek 2010. urtearen azken hilabeteetan bukatu dira eta 2011ko lehen lauhilekoan argitaratu eta aurkeztuko dira.
1) Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoak duen irisgarritasunari buruzko txosten berezia
Mugikortasuna, batetik bestera higitzeko ahalmentzat hartuta, ezinbestekoa da pertsona bat gizartean, kulturan eta ekonomian txertatzeko. Norbanakoaren eskubidea da eta horrelaxe ulertu eta tratatu behar da gizartean. Hala ere, egiaz, oraindik etengabeko oztopoak daudenez gero, batez ere garraio arloan, Arartekoa hainbat kexa jasotzen aritu da gai horren gainean. Kexa horien berri idatzia eman dugu elkarren jarraian egin ditugun urteko hainbat txostenetan.
Txostenaren helburua da EAEko garraio sistema publikoaren akatsak eta gabeziak identifikatzea, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorrien segurtasunari eta funtzionaltasunari dagokienez.
Azterketa-diagnostikoaren barruan sartu da Euskadiko hiru lurralde historikoetako garraio publikoaren sistemaren sare osoa, alegia, sare erregularra, jendeak oro har erabilitakoa, jatorria edota helmuga EAEn duena. Horregatik, azterketa horretan honako hauek hartu dira kontuan: 15 trenbide; jardunean dauden bi tranbia sistemak (Bilbokoa eta Gasteizkoa); Bilboko metropoli sistema; errepide sistema (hiriko, hiriarteko eta ibilbide luzeko lineak); eta, azkenik, Euskal Herriko hiru aireportuak.
Txostenean ondorio zehatzen atala agertzen da, garraio-sistemen arabera bereizita, eta, atal hori osatzeko, bukaerako ondorio bat. Era berean. Gomendioen atala ere egin da, garraio-sistemen arabera antolatuta eta, horien barruan, administrazio eskudunen edo azpiegituraren operatzaile edo kudeatzaileen arabera, ikuspegi sistematikoagoa izateko.
Gainera, txosten horrekin urrats garrantzitsua egin da gardentasunari eta Arartekoaren txosteneko informazioa eta datuak irekitzeari dagokienez, interesatuta dagoen edonork horiek erabili eta berrerabili ahal izan ditzan. Aldi berean, etorkizunean, garraio-sistema horien kokapenari eta irisgarritasun-baldintzei buruzko mapa eskuragarri jarriko da herritarrentzat Arartekoaren web gunean, eta mapa haren oinarri da txosten hau.
2) Arrisku egoera berezietan dauden adingabeen gaineko txostena
Urteotan, Ararteko erakundeak lehentasunezko arreta ematen aritu da egoera txarrean bizi diren edo premia bereziak dituzten haur eta nerabe hauei: arriskuan edo babesik gabe dauden haurrak, babes-sistemetan hartutakoak; bakarrik dauden adingabe atzerritarrak; nerabe arau-hausleak; ezgaitasunarekin, egoera sozioekonomikoarekin, jatorri edo etniarekin eta abarrekin lotutako premia bereziak edo berariazkoak dituzten ikasleak; buruko osasun arazoak dituzten adingabeak; droga-kontsumo gatazkatsuak dituzten nerabeak; eskola-jazarpena nozitzen duten adin txikikoak…
Ahultasun bereziko beste egoera batzuei buruz ere egin dira hainbat jarduera: genero-indarkeriazko egoeretan haurrei tratu txarrak emateaz; teknologia berriak erabiltzearen edo gehiegi erabiltzearen ondoriozko arriskuez; hedabideetan adin txikikoak tratatzeko moduaz; edo gehiengoak ez bezalako joera sexuala duten haur edo nerabeak onartzeaz... Arazo horiek ere landu dira txosten honetan, baina ez hain zabal.
Horrela bada, txosten berezi hau Haur eta Nerabeentzako Bulegoak egin du, Arartekoaren berezko baliabideekin, eta bertan sistematikoki aztertzen ahalegindu da haurrei bereziki eragiten dieten egoera jakin batzuk, izan ere, egoera horiek ahulago bihurtzen dituzte haurrak, bai beren eskubideei dagokienez, bai beraiek modu egokian hazteari dagokionez.
Beraz, berariazko hobekuntzak egin behar dira haurrei eta nerabeei arreta ematearekin zerikusia duten sistemetan:
- babes sistemetan;
- gazte justiziaren sisteman;
- hezkuntza sisteman;
- osasun sisteman…
Horretarako, 46 gomendio egin dira eta, bukatzeko, azken gomendioa, ahultasun egoerak eta horien bilakaera aztertu beharraz. (Ikusi Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenaren 5.2. atala).
3) Abenduaren 14ko 39/2006 Legea, norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeari buruzkoa. Lege hori aplikatzearen gaineko txostena.
Mendekotasun egoeran dauden pertsonak talde bereziki ahula osatzen dute, eta ahultasun horrek zaildu egiten die beren eskubideak egiaz baliatzea. Horregatik, herri-administrazioek bultzatzen dituzten berariazko babes-neurriek eragin onuragarria izan behar dute eskubide horiek baliatzean, pertsona horien duintasuna eta bizi-kalitatea errespetatzean.
Lege hori indarrean jarri zenetik, euskal administrazioek −batez ere foru aldundiek, prozesu horretan ageriko protagonismoa baitute− egin dituzten urratsak aztertzen aritu da erakunde hau, eta jasotako zenbait kexari esker jakin du zeintzuk diren gainditu behar diren oztopo nagusiak. Gaiarekin zerikusia duten administrazioen laguntzarekin, lege horren ezarpenak eragindako pertsonen kolektibo batzuek egin dituzten ekarpenekin eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta horien zaintzaileen testigantzekin hurbiletik aztertu ahal izan dugu egiaz nola ezarri den EAEn Estatuko lege hori −norberaren autonomiari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeari buruzkoa−.
Txosten berezi hori ere Arartekoak berezko dituen baliabideekin egin da. Bertan aztertu dira mendekotasuna babesteko araubide juridikoa, gure erkidegoan araudi berriak izan duen eragina (alderdi kuantitatibo nahiz kualitatiboak), mendeko pertsonak EAEn duen profila, lege horretan xedatutako prestazio eta zerbitzuetara jotzeak euskal herritarrengan izan duen eragina, legearen ezarpenak eragindako taldeek egindako balorazioak, jasotako kexen aurrean Arartekoak izan duen esku-hartzea eta horietaz duen iritzia, baita eragindako pertsona batzuen testigantza ere.
Azkenik, txostenean ondorio nagusiak bildu dira, eta hainbat gomendio, mendekotasuna babestu eta norberaren autonomia sustatzearen arloan herri-administrazioek onartutako neurriak hobetze aldera.